Itaka Escolapios Itaka Escolapios

Nire ikastetxeko energia

Data: 2021(e)ko Urriak 22

Arloak:
Garapen jasangarria

Adina:

  • 3-5

Helburuak :

  • Era batera edo bestera energia elektrikoarekin lotuta dagoenaren inguruan ikastea.
  • Energiak geure bizitzetan duen garrantzia ulertzen hastea eta kontsumoa ahal dugun neurrian murrizteak duen garrantzia erakustea.

Autor: Junta de Andalucía “KiotoEduca: Fichero de actividades de Sensibilización Ambiental y Propuestas Didácticas para el Desarrollo del Currículo”

Valoración:

(Ninguna valoración todavía)
Loading...

Energia egunerokotasunaren parte da. Egunero erabiltzen dugu energia ia ohartu ere egin gabe: gosaria prestatzerakoan, dutxatzerakoan, ikastetxera joaterakoan, etab. Hala ere, egunerokotasunean erabat integratuta dagoenez eta hura eskuratzea horren erraza denez, maiz ez dugu aintzat hartzen gaur egungo bizimodua mantentzeko duen garrantzia. Garrantzitsua da ulertzen hastea energiarik gabe ezin ditugula egin egunerokotasunean egiten ditugun hainbat gauza, baita errealitate hori ingurunean duen ondorioekin lotzen hastea ere.

Jarduerarekin hasteko, jolastokian paseatzeko gonbita egingo diegu haurrei. Energia aurkitzeko esplorazio-bidai baten modukoa izango da. Ikastetxea miatuko dute energiarekin lotura duten gauza horien bila, hori eginda energiak egunerokotasunean duen garrantziaz ohartzeko. Ibilaldian zehar, energiarekin lotura duten objektu guztiak markatuko dituzte kolorezko eranskailu batekin.

Behin gelara itzulita, markatutako gauzak gogora ekarriko dituzte: lanpara bat, entxufe bat, erradiadore bat, etab. Taldearekin modu sinplean hitz egingo da kontsumitzen dugun energia elektrikoaren jatorriaz, ikasleek kontzientzia hartzeko kontsumo elektrikoa murrizteko beharraren inguruan.

                                                                                                                     

Adin hauetarako, erabilgarria izan daiteke energia aurrezteak duen garrantziaz hausnartzeko balio digun ipuinen bat.

“Volt, bonbilla argitsua”

Volt bonbilla oso argitsua da, auzoko argiena. Eta, zeuen buruei galdetuko diezue, zergatik da Volt horren berezia? Bada, geure bonbilla maiteenaren historia kontatuko dizuet.

Duela gutxi arte, ohiko bonbilla bat zen Volt, familia baten egongela argitzen lanean ziharduena. Hain zuzen, Gaston jaunaren, Gastona anderearen eta euren seme Xahuzaleren egongela. Egunero, gogor lan eginarazten zion familia hark Volti. 24 orduz piztuta egon beharra zuen, ia... Argia piztuta uzten zuten etxean ez zeudenean ere! Gainera, ez zuten inoiz leihoa irekitzen eguzki-argia sartu zedin; nahiago izaten zuten argiak piztu.

Egun batean, egun gogor baten ondoren neka-neka eginda, zerbait egitea erabaki zuen Voltek, eta hau bururatu zitzaion: «Ultimatum bat eman behar diot familia axolagabe honi».

Horrela, Voltek familia bildu eta hauxe esan zien: «Familia maitea, argia pizten duzuen bakoitzean egin behar dudana azalduko dizuet, neure lana zeinen gogorra den uler dezazuen: Korronte jauna izeneko nire auto ultralasterrera igo behar dut eta bidaia luze bat egin zeuei argia ekartzeko. Mendiak eta ibaiak zeharkatu behar ditut eta, ondoren, hona itzuli. Eta hori guztia segundo bakarrean! Nekatuta nago; uste dut erretiroa hartuko dudala».

Gaston jauna, Gaston andrea eta Xahuzale hitzik gabe geratu ziren. Zer egingo zuketen orduan Volt gabe? Ez zuten irakurtzeko, jolasteko edo telebista ikusteko argirik izango. Dena ilunpean geratuko zitekeen.

Bat-batean, ideia bat bururatu zitzaion Xahuzaleri: «Uste dut Volti lan gutxiago eginarazten badiogu, ez gaituela utzi beharko».

Voltekin hitz egin zuten eta hark atsegin handiz onartu zuen proposamena. Harrezkero, denak hobeto bizi dira eta familiak ikasi du ez duela etengabe argia piztu behar atsegin dituzten gauza guzti horiek egiteko.


Jarduera hau 2021-2022 elkartasun-kanpainaren esparruan proposatu da: