2024 – Nire lekua mundua da, nire lekua Bakea da.
Itaka-Escolapios fundazioa presente dagoen munduko txoko guztietan, Indarkeriaren aurkako eta Bakearen aldeko eguna ospatzen da urtarrilaren 30ean, Gandhiren heriotzaren urteurrenean. Leku batzuetan ez zaio horrela deitzen, baina bake eta justiziaren kultura sustatzen duten hezkuntza proposamenak ere lantzen ditugu. Bakearen behar handia somatzen dugu munduan. Egoera latz eta ikaragarrietan bizi diren pertsonekiko elkartasun eta enpatia adierazi nahi dugu ekintza hauen bitartez.
Tamalez, urtero, eskolapioetako haur, gazte eta helduengan BAKEA eta MAITASUNA harreman sozial, politiko eta bestelakoetan lehentasunezkoak diren ingurune, jokabide eta proposamenak sustatzeko lanean jarraitzeko arrazoiak ditugu.
Itaka-Escolapios erakunde kristau eta eskolapioa da argi eta garbi; horregatik, gure obra eta proiektu guztietan bake-kultura sustatzen lagunduko diguten proposamen pastoral hezitzaileak plazaratzen ditugu. Aurten, inoiz baino gehiago, munduko hainbat kristauen, Frantzisko aita santuaren eta, oro har, Elizaren otoitzarekin bat egingo dugu. Otoitz honen bidez, errealitatera hurbildu, enpatizatu, laguntza eskaini eta, batez ere, Jainko Aitari behin eta berriz esan behar diogu ez dezala inoiz ahaztu giza mina gatazka-lekuetan, eta sufritzen duten bihotz guzti-guztietan ager dadila.
Izan ere, munduan, nonbait… norbaitek gure otoitza behar du. Eta horregatik, jarduera erraz batzuk proposatzen ditugu goizeko otoitzerako proposamen batetik abiatuta. Adin bakoitzean oinarritutako jarduera ezberdinak aurkituko dituzue eta hauekin batera, adin-tarte bakoitzak lantzeko munduko gatazka zehatz bat izango du. Otoitz honekin ondokoaren minera hurbildu eta edozein pertsonaren izenean indartsu esan ahal izango dugu: NIRE LEKUA MUNDUA DA, NIRE LEKUA BAKEA DA.