Itaka Escolapios Itaka Escolapios

2024-2025 Bideak Zabalduz

 

 

BIDEAK ZABALDUZ da ikasturte honetan erabiliko dugun lema, eta Calasanzen bihotzaren goxotasun eta handitasuna nabarmentzea bilatzen duen Itaka Escolapios-en logotipo berriarekin batera, Calasanzek duela lau mende baino gehiago hasi zuen bidea jarraituko dugu, hezkuntzaren bidez gizartea eraldatzen saiatzeko asmoz.

Bide honek eta baita eskolapioak dauden munduko herrialde guztietatik hasten diren bideak ere, helburu bera dute: injustizia eta desberdintasun soziala areagotzen duten egoerak ezabatzea, bake, alaitasun, itxaropen eta justizia sozialeko guneak berreskuratzeko. Besteen onurarako lan egiten duten kristauen guneak lortzea, Calasanzek egiten zuen bezala. Ematen ditugun aurrerapausoak itxaropenaren bidetik eman ditzagun, Jainkoak bere seme-alabentzat nahi duen mundurantz gerturatuz.

 

BIDEAK ZABALDUZ lemarekin, beste behin, eskolapioen ekintzetan aktiboki parte hartzen duten haur, nerabe eta gazteak gure misioaren erdigune izango dira. Baita haien familia, hezitzaile, irakasle eta bestelako laguntzaileak ere. Jar gaitezen martxan, eta jardun dezagun aldaketaren protagonista izan gaitezkeelako.  Misio honetara gonbidatuak izan gara, gizartearen hobekuntzaren bila jarrera aktibo bat adieraziz, gure inguruko pertsona askori bidea egiten laguntzeko.

Itxaropen-bideetatik ibiltzea da aurtengo gakoetako bat.  Aurtengo kanpainak bide berriak irekitzera gonbidatzen gaitu, itxaropenez, mundu justuago, anaikor eta gizatiarrago batean ibil gaitezen.

 

Calasanzek lagunduko gaitu zeregin honetan. Bere garaiko pertsona ahulenen hezkuntzan eta zerbitzura lan egiten zuen bizitzak gaur egun, 400 urte geroago, gure misioa bideratzen eta gidatzen du. Ebanjelioz eta bizipenez beteriko motxilaz kargatua, konpromisoaren bidetik gidatzen gaitu Calasanzek, Jainkoaren Erreinuaren eraikuntzan aurrera egin dezagun, hemen eta orain.

 

BIDEAK ZABALDUZ lema bat baino gehiago izango da.  Ekintzarako, konfiantzarako, aldaketarako eta etengabeko ikaskuntzarako gonbidapen benetan esanguratsua izango da. Itxaropenean bizitzeko gonbidapena.

Gure bidaian urrats bakoitza baliotsua dela gogorarazten digu, eta gure eskuekin mundua aldatu dezakegula adierazten digu. Itaka-Escolapios-en proiektuak ezagututa konturatu gara, hezkuntza tresna indartsu eta beharrezkoa dela, egunen batean, Jainkoak nahi duen justizia, bake eta maitasun mundu hori lortzeko. Hori da gure itxaropena ere eta badakigu mundu osoko neska-mutil eskolapio guztiek gai direla pauso txikiak emanez, hori lortzeko.

 

Frantzisko aita santuaren hitzetan:

“Eman zaigun itxaropenaren sugarra piztuta mantendu behar dugu,  ahal dugun guztia eginez, bakoitzak etorkizunari pentsamendu ireki, bihotz fidakor eta ikuspegi zabalez begiratzeko indarra eta ziurtasuna berreskuratzeko. (…). Hori guztia posible izango da anaitasun unibertsalaren zentzua berreskuratzeko gai bagara, milioika gizon, emakume, gazte eta umeri gizatasunez duin bizitzea eragozten dien pobreziaren tragediaren aurrean begiak ixten ez baditugu”.

 

Hala izan dadila. BIDEAK ZABAL DITZAGUN.